22 Ots HETEL, mundu justu eta solidarioago baten bila
Mundu justuago eta solidarioago bat egin nahian dabiltza HETEL eko bederatzi ikastetxeetako ikasleak
HETEL diru irabazi asmorik gabe sortu zen erakunde bat da, zeinek gaur egun formakuntzarako 26 ikastetxe biltzen dituen. «Ikasleek oso positiboki baloratzen dute pertsona batzuen bizi- kalitatea hobetzen lagun dezaketen horrelako erronketan parte hartzea, eta hori oso pozgarria da». Hetel erakundeko (Euskadiko Lanbide Heziketako Abantean ikastetxeen Elkartea) presidentea den Julen Elgetaren hitzak dira horiek. Izan ere, beronen parte diren 26 ikastetxeak guztiz bat datoz 2030 Garapen Iraunkorreko Helburuekin, eta eskaintzen duten konpromiso sozial eta zerbitzu publikoarekin bat etorriz, proiektu sozial ezberdinetan murgilduta daude. Dagoeneko dozena bat proiektu batu dituzte, eta elkarren artean ezberdinak diren arren, guztiek dute izaera solidarioa.
Momentuz, parte hartu duten ikastetxeen artean Durangoko Maristak ikastetxea aurkitzen da. Durangarrek Bi proiektu partekatu dituzte:
- Lehena, ‘Durango – Orore konektatzen’ izenarekin dator. Bertan, Goi Mailako Informatika ikasleek beraien sarea definitu, zein software erabili behar duten aukeratu eta informatika soluzio bat emanez gain, bideotutorialak, manualak eta formazioak argitaratu dituzte ingelesez egindako web orri baten, Kenyako Orore herriko pertsonak hezitzeko nahian. Eta batxilergoko ikasleak IKT ikasgaian, Ororera eraman izan diren tabletetan instalatzeko, hezkuntza, geografia…, edukiak irakasteko app-ak egin dituzte. Horretaz gain, ikasleak baliabide digitalak garatzen ari dira eskola horientzat.
- Bigarren proiektua, aldiz, ‘Rio de Oro Gobernuz Kanpoko Erakunderako jolasak’ daukagu. Bertan, hainbat alorretako ikasleek (diseinu mekanikoa, fabrikazio mekanikoa eta elektrizitatea eta elektronika) haur sahararrentzako jolasak eta jostailuak diseinatu eta fabrikatzen dituzte.
Bilboko Zabalburu ikastetxeak ere egin du bere ekarpena. Bertako ikasleek bat egin zuten TKNIKAren ekimenarekin, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeekin eta maker Euskadi komunitatearekin lankidetzan. Covid-19 LH proiektuaren bidez ikastetxeko irakasle eta ikasleek 3D inprimaketaren bidez aurpegiak babesteko pantailak eta biserak egin zituzten osasun sektoreko langileentzat, ekipamendu eskasia zegoen garaian.
Muskizen dagoen Somorrostro ikastetxeko ikasle eta irakasleek, aldiz, Senegalgo Gandiol eskualdeko plastikoen kutsaduraren arazoari erantzun zioten Hahatay GKEarekin batera. Proiektu horretan hainbat ziklotako ikasleek parte hartu zuten, eta ETHAZI metodologia erabiliz, baldosak, pomoak eta eraikuntzako beste material batzuk egiteko makinak eraikitzeko erronkari aurre egin zioten, hondakin plastikoetatik abiatuta. Ikasleak Gandiolera joan ziren egindako makinak muntatzera eta biztanleei nola funtzionatzen zuten azaltzera.
HETEL, estereotipoak apurtuz
Otxarkoaga ikastetxekoek, ordea, bi proiektu dituzte. Batetik, Modern Art Festival jaialdia antolatzen dute, Bilboko auzo horren eta bertako gazteen inguruan sortutako estereotipo eta irudi faltsuak apurtzeko. Jaialdi hori ikasleei laguntzeko egiten da, zentroko, auzoko eta inguruko hezkuntza-komunitatea osatzen duten pertsona guztien bizikidetza positiboa eta inklusiboa sustatuz. Ekimenean ehun gaztek baino gehiagok parte hartu dute, arte diziplina ezberdinetan.
Bestalde, Otxarkoaga Tipi-Tapa proiektua lantzen ari da, jasangarritasunaren aldeko apustua, ikasleak dauden auzoaz jabetu daitezen eta ingurumenaren bidez eraldaketa soziala lor dezaten. Asmoa ikasleek beraiek sortu zuten, berau auzoko parke bat garbitzea eta zuhaitzak landatzea izan zen, pixka bat abandonatuta zegoen aisialdirako gunea errekuperatzeko. «Udalaren laguntzarekin zakarrontziak eta bankuak ere jarri dituzte, eta espazioa hobetzen jarraitzea da asmoa», azaldu dute ikastetxetik.
Gipuzkoan dagoen Goierri eskolako kideek, bestalde, KELLENSA izeneko proiektu hezitzaile eta solidario batean lan egiten dute Senegalen (Kelle herrian) izen bereko GKEarekin lankidetzan. Proiektuaren helburua Kelle herrian bizi den eta mugikortasun arazoak dituen Aziz izeneko mutil batentzat egokitutako handbike bat fabrikatzea da, orain duena ordezkatuko duena eta eskolara joateko aukera bermatuko diona. Goierri eskolako hiru ziklotako ikasleak ari dira proiektu honetan lanean.
Irungo La Sallek, bere aldetik, hainbat modulu lantzen ditu bere proiektuan, erdi-mailako ikasleei jarrera aktiboak hartzen laguntzeko, aldaketa eragile gisa, hala nola boluntariotzan. Lehen mailako ikasleek hainbat kanpaina ezberdinetan parte hartzen dute, esate baterako, elikagaiak biltzeko ‘kilo-kanpainan’, Caritasekin.
Mondragon Goi Eskola Politeknikoak ere bi proiektu ditu. Lehenengoan, MGEPeko eskolako ikasleek enpresa txiki eta ertainei laguntzen diete digitalizazio prozesuan. Nola? Pandemiaren egoera hasi zenean, enpresek aurrera egin behar izan zuten prozesu batzuen digitalizazioan. MGEP eskolako IKT ikasleek enpresa bat sortu zuten enpresa txiki eta ertainei prozesu horretan laguntzeko.
Bigarren proiektuan, berriz, ikasleek plastikozko birringailua eraiki dute. Diseinu mekanikoko ikasleek produktu berriak egiteko plastikozko hondakinak erabiltzen dituen plastikozko birringailua eraiki dute, Preciuos Plastic mugimendu iraunkorrari jarraituz.
‘Mugarik gabeko tailerrak’
Arabara salto eginez, Gasteizen dagoen San Viator ikastetxeko ikasle eta irakasleek ‘Mugarik gabeko tailerrak’ izeneko proiektu solidarioan parte hartu zuten. Proiektu horren bidez, Erg Chebbiko (Maroko) basamortuko haurren eskolara joateko mugikortasuna «apur bat errazagoa» egin ahal izan zen. Proiektu hori gauzatzeko bi tailer jarri ziren bi eskolatan, bizikletak konpondu ahal izateko mekanikari buruzko prestakuntza txiki batekin. Horretarako, San Viator hezkuntza komunitateak bizikletak eta matxura txikiak konpontzeko hainbat material eman zituzten, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Ikastetxeen zerrenda luzearekin amaitzeko, Arabako hiriburuan dagoen Egibide zentrora joango gara. Ikastetxeak ‘Gainditu itzazu barrerak’ kanpaina antolatzen du urtero. DBHko eta Oinarrizko LHko ikasleei zuzendutako proiektua da, gure gizarteko pertsona askoren irisgarritasuna eta partaidetza soziala mugatzen duten oztopo arkitektoniko, sozial eta psikologikoei buruz sentsibilizatzeko. Hainbat jarduera egiten dira aurreiritziak ezabatzeko, eta enpatia sortzen da aniztasun funtzionala duten pertsonekin, egunero-egunero aurre egin behar baitiete irisgarritasun-arazo horiei. Hainbat elkarte eta erakunderen eta desgaitasunen bat duten pertsonen laguntza izaten dute.